Plenoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Plenoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko ekainaren 25(a), osteguna

Aramaioko Udalaren lehen osoko bilkura


Jakinekoa denez, Aramaioko udal batza berria ekainaren 13an osatu zen. Bederatzi zinegotzietatik 6 EH Bildurenak dira; 3, berriz, EAJ-PNVrenak. Udal batza osatu berriak ohiko osoko bilkura edo plenoa egin du berriki, ekainaren 23an hain zuzen. Esandako pleno horretan, Udalari han-hemengo elkarte, erakunde, patronatu eta enparauetan dagozkion ordezkariak izendatu ziren. Kasu bakarrean izan ezik, gainontzeko guztietan, bere gehiengoan oinarrituta, EH Bilduk berarentzat hartu zituen ordezkaritza guztiak. Hori da gero eskuzabaltasuna! EAJ-PNVk hartutako ordezkaritza bakarra, Gorbeialdea izeneko kuadrillan izango da. Kasu honetan, ordezkaritza hori legeak aginduta etorri da, ez EH Bilduren eskuzabaletik.
Honako hauek dira, EH Bilduren botoekin, batzorde buru izango diren EH Bilduko zinegotziak:
. Ogasuna, antolaketa eta funtzionamendua: Lierni Altuna.
. Kultura eta kirolak: María Cristina Etxenausia.
. Euskara eta hezkuntza: Lierni Altuna.
. Gizarte ongizatea: José Ramón Uribe.
. Ingurumena eta mendiak: Jon Ugarte.
. Hirigintza eta auzoak: Martín Arriolabengoa.
. Zerbitzuak: Roberto Lasaga.
Aramaioko Argindarra izeneko enpresaren kasuan ere, EH Bilduk hartu ditu Administrazio kontseiluko  kargu guztiak. EAJ-PNVk, udal batzaren osaketa gogoan izanik, zinegotzi jeltzale batentzat tokia eskatu zuen kontseilu horretan. EH Bilduk zera esan zuen: alderdiaren baitan aztertuko dutela jeltzaleon eskabidea eta aste beteko epean erantzuna emango digutela.