zerbitzuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
zerbitzuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko uztailaren 13(a), astelehena

EAJren kezkak eta galderak

EAJk Aramaion duen udal taldeak hainbat galdera egin dizkio ingurumen zinegotziari, uztailaren 6, 7 eta 8an Aramaio errekan gertatutakoari buruz.
EAJk dituen datuen arabera, uztailaren 6an bitsa edo aparra erabili zuen ume-jarduera bat antolatu zuen Udalak. Garbiketa-lanak egiteko orduan, aparra jaso zuen ura errekara bota zen. Horren ondorioz, hurrengo egunetan hainbat eta hainbat ezkailu eta amuarrain agertu zen hilda Aramaio errekan, Kuku presaren eta Matxinkaleko egurrezko zubiaren arteko erreka tartean.
Gertatutakoa argitze aldera, EAJk azalpena eskatu dio Udalari. EAJk zera jakin nahi du: ea zer egin duen Udalak ingurumenari egindako eraso hori argitzeko asmoz. Era berean, zera galdetu dio Udalari: ea zeintzuk diren hartuko dituen neurriak aurrerantzean tamaina horretako gertakaria izan ez dadin eta, era berean, erantzukizunak norenak diren jakiteko. Jeltzale aramaioarren eskabidea haratago doa. Aramaioko arrantzaleak gertatutakoaren gainean jakitun jartzea eskatu dio Udalari eta, bide batez, zeintzuk izango diren egindako kaltea arintze aldera hartuko diren neurriak.
Aurreko horren haritik, aramaioarren kezkarekin bat egiten du EAJk, izan ere Aramaioko parkeetan eta berdeguneetan egiten diren mantentze-lanak oso eskasak dira. Guztietan tamalgarriena, Zalgoko hilerri edo kanposantuan ikus daiteke. Bertan, moztu gabego belarrak hilarriak estaltzen ditu.

2015(e)ko maiatzaren 20(a), asteazkena

EAJ-PNV-k ERREFERENTZIAZKO UDALERRI BIHURTU NAHI DU ARAMAIO. NOLA? KULTURA, EUSKARA ETA GIZARTE-ESKAINTZAREN ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZAREN ESKUTIK

Euskara, kultura, aisialdia eta kirola: gazteei eta edadekoei zuzendutakoa.
Aramaio herri euskalduna da.  Aramaioar gehienok dakigu euskara. Hori oso inportantea da. Potentzial hori ezin da inondik inora ahaztu eta, are gutxiago, galdu. Hori dela eta, Udalak onartuta daukan erabilera-planaren aldeko dira Aramaioko jeltzaleak. “Gu euskararen erabileraren alde gaude. Horregatik ba, euskararen erabilerari bultzada emango diogu udaleko zerbitzuetan zein kalean herritarren artean”, esan du alkate-hautagai den Rafa Bengoak. Hezkuntza-kontuak ere, oso gogoan dituzte jeltzaleek. “Udalaren esku dagoen guztia egingo dugu Masusta Haurreskolaren eta San Martin Eskolaren alde, baita DBH eta Batxilergoa egitera herritik kanpora doazen neska-mutilen alde”, esan du Bengoak. Eskola-kirola ere oso gogoko eta beharrezko ikusten du EAJ-PNVk. Hori dela eta, behar den bultzalda emango diote. Bengoaren ustez, herrian diren kirol eta kultura elkarteen lana estimagarria da. EAJ-PNV eurekin dago eta behar den laguntasuna emango die. “Kiroldegiaren eta gainerako kirol azpiegituren mantenu-lanak gogo-gogoan izango ditugu gure jardunean” adierazi du hautagaiak. Bestalde zerra azpimarratu du: “Bidegorria egingo dugu, Aramaio Deba Goienarekin lotuko duena. Hartara, errepidetik doazen oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna babestuko dugu”.Aurreko horiek garrantzitsuak badira ere, Bengoak ezinbestekotzat jotzen du koordinazioa: “Eskolaren, kultur etxearen eta kiroldegiaren arteko koordinazioa, planifikazioa eta optimizazioa bultzatuko dugu”.
Gizarte zerbitzuak eta bendintasuna Beharrean edo premian aurkitzen diren pertsona guztien eskueran egongo diren kalitatezko zerbitzuen alde dago alderdi jeltzalea. “Aramaiok Aldundiarekin batera jardun beharra dauka. Horretan ahaleginduko gara”. Irmotasun bera erakutsi du Bengoak berdintasunari dagokionez. “Berdintasuna oso garrantzitsua da guretzat.  Hori dela eta, berdintasuna modu errealean ekarriko duten politikak martxan jarriko ditugu”.