Kandidatura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Kandidatura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko maiatzaren 21(a), osteguna

EAJ-PNVren alkate-hautagaiaren karta



Lagun hori,
Rafa Bengoa naiz, EAJ-PNVk Aramaioko alkatetzarako aurkezten duen hautagaia. Beste asko bezala, Aramaiok bizi duen egoeraz jabetuta, kezkatuta nago. Gure herrian somatzen dugun geldialdia konpontzeko neurriak jarri beharrean gaude, lehenbailehen hobekuntza-jarduerak abian jarrita.Hori dela eta, EAJ-PNVn  egiazko konpromisoa hartu dugu: Aramaiok aurrera egin dezan lan arduratsua egingo dugu. Zelan? Gertutik lan eginaz, modu garden edo trasparentean, eraginkortasunez eta ardura osoz. Alkate-hautagaia naizen aldetik, ardura bat eta bakarra dut: udalaren kudeaketa edo gestinoa bizkortzea. Zertarako? Gauzak aldatzen hasteko eta premiazko hobekuntza-proiektuak kudeatzen hasteko.Utzikeria edo nagikeria albo batera utzi beharrean gaude Aramaion. Gogotsu gaude, berandu baino lehen lanean jartzeko. EAJ-PNVren hautagai-zerrenda edo kandidatura, Aramaio ondo ezagutzen dugun gizon eta emakumeek osatzen dugu. Zerrenda berritua da, esperientziaduna eta gai desberdinen ezagutza duena. Ilusioz beteta eta gogotsu gatoz. Aramaio loalditik ateratzeko ilusioz eta gogoz gatoz. Zintzo eta zuzen kudeatu nahi dugu Udala. Gardentasuna, gertutasuna eta ardura dira gure bide-lagunak. Eta horietan oinarrituko da gure eguneroko lana. Garapen ekonomikoari, euskarari, kulturari eta kirolari lotutako pertsonak gara. Baina, batez ere, pertsonei estu-estu lotutako pertsonak gara. Aramaiok bizi duen egoerari aurre egingo dion alternatiba gara. Aramaion ezer baino lehen aldatu behar da politika egiteko modua, herria egiteko modua. Horixe gura dugu eta horretara gatoz. Ziur naiz, guztiok elkar hartuta, gure herriak, Aramaiok, bere lekua izango duela Euskadiko udalerrien artean. Aramaio maite baduzu eta gurekin bat baldin bazatoz, ez izan zalantzarik. Eman botua EAJ-PNVren zerrendari. Aramaioren etorkizuna zure esku dago. Besarkada bat,
Rafael M. Bengoa 
EAJ-PNVren alkate-hautagaia

2015(e)ko maiatzaren 18(a), astelehena

Hautagaitzaren Ezaugarriak


EAJ-PNVren hautagaitza osatzen dugun gizon-emakumeok ondo ezagutzen dugu Aramaiok bizi duen errealitatea. Hautagaitza berritua gara, esperientzia duena eta gaiak ezagutzen dituena. Ilusioz eta gogoz lan egingo dugu, Aramaiok egun bizi duen geldialditik ateratzeko. Zintzotasunez, gardentasunez eta erantzukizunez kudeatzen dakigu. Garapen ekonomikoarekin, hezkuntzarekin, euskararekin, kulturarekin, kirolarekin eta batez ere pertsonekin konprometituta dauden pertsonak gara. Irtenbidea gara, Aramaiok aldaketa bat behar du lehenbailehen eta hori da gure konpromisoa. Ziur gaude guztion artean erreferentziazko udalerri bilakatuko dugula Aramaio.

2015(e)ko maiatzaren 17(a), igandea

Gestioan esperientzia duen jendearekin osatu dugu EAJren zerrenda



Udalaren gastuaren "murrizketa eta kontrola" izango da jeltzaleen programaren oinarrietako bat. Rafael Bengoa izango da EAJren alkategaia Aramaion. Bengoak badu esperientzia Udal jardunean; izan ere, zinegotzi izan zen 1983tik 1987ra bitartean.Nola hartu duzu erronka? Alde batetik kosta egin zait baiezkoa ematea. Espero ez nuen gauza bat izan da; baina, lagunen eta batez ere familiaren bultzadarekin eta adostasunarekin konprometitu egin naiz.Osatu dituzue EAJren zerrendak. Nolako perfileko jendea dago? Gestioan esperientzia duen jendea dagoela esango nuke. Adinari dagokionez, jende gazte-gaztea ez da baina 60 urtekoak ere gazteak izan daitezke.EAJren programa zertan oinarrituko da? Gastuen murrizketa edo kontrola behar dugu. Bestalde, euskara mailan gestio integral bat egin behar dugu. Kultura mailan, polo interesantea daukagu hemen goian: eskola, kiroldegia eta kultura etxea. Uste dut hemen kultura polo bat egin beharko litzatekeela. Bestalde, Udalaren eta Aldundiaren laguntzarekin, auzoak azpiegitura eta zerbitzuetan dotatu behar ditugu. Kaleko maila berean egon beharko lirateke; auzoei garrantzia eman nahi diegu. Uraren gestio integrala ere egin beharko litzateke. Ur garbien zerbitzua hobetu egin beharko litzateke eta, gainera, saneamenduko urei ere buelta bat eman beharko litzaieke. Azkenik, Aldundiarekin lan sakona eta serioa egin behar dugu Aramaion nagusien egoitzaren zerbitzu batzuk ezartzeko. Gaur egun ez dugu egoitzarik eta horrek asko mugatzen gaitu.Udal jardunean zer hobetu daiteke? Berebiziko garrantzia duten gauza batzuk daude: Mendiolako IBZ zentroa indartu egin behar da eta han egin den inbertsioa justifikatu. Urbanizazio plana ere martxan jarri beharko litzateke: hamar urteko atzerapena dauka-eta. Bestalde, hirigintza aldetik seriotasun bat behar da: hainbat gauza lizentzia barik eta baimen barik egiten dira Aramaion. Hori arautu egin behar da. Azpiegituren mantentze lan integrala ere eginbeharko litzateke. Eta, Biomasaren proiektua ere birplanteatu egin beharko litzateke.

extua: Goiena -Arantzazu Ezkibel-

2015(e)ko maiatzaren 3(a), igandea

Rafael Bengoa: "Udala herritarrekiko hurbila eta laguntzailea izan behar dela uste dut"


Norekin izaten duzu nahiago aisialdia igaro? Domekero joaten naiz mendira eta emaztearekin eta 8-10 pertsonako lagun kuadrillarekin joaten naiz. Aurreko asteburuan Aloñako igoera ikusten izan ginen, esaterako.  Elkarrizketara iPad-a eskuetan hartuta etorri zara. Teknologia berriak ere gogoko dituzu? Bai, teknologiekin egunera egoten saiatzen naiz.  Komunikabideak jarraitzen dituzu? Bai. Irratia asko entzuten dut, batez ere autoan noanean. Telebista ere ikusten dut, baina larregi izan barik; etxean 21:00ak arte normalean ez dugu telebista pizten, ez daukagu ohiturarik. Eta egunkariei dagokienez, egunean bi, hiru edo lau irakurtzea gustatzen zait. Esan behar dut egunkariak nahiago ditudala paperean irakurri, Internet bitartez irakurtzea baino. Batxilergoa Frantzian ikasi zenuen. Trebea zara hizkuntzekin? Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez ondo moldatzen naiz. Ingelesez ere nahiko ondo dakit eta aleman apur-apur bat badakit. Komunikazioan lan egindakoa zara, ezta?Bai, nahiz eta administrazio ikasketak egin, Fagor Etxetresnaken komunikazioan lan egiten nuen. Bezeroekin eta prentsarekin harremanetan egoten nintzen, nazioarteko komunikazioa ere eramaten nuen eta webgunetan buru-belarri sartuta ibiltzen nintzen. Eta sare sozialetan, zer moduz? Facebook eta Twitter erabiltzen ditut, bakoitzak bere gauzak ditu. Facebook lagunarterako erabiltzen dut eta informazioa berehala jasotzeko, berriz, Twitter. Eta asko erabiltzen duzu WhatsApp? Komunikatzeko egokiena horixe dela uste dut, eta bai, asko erabiltzen dut. Hauteskundeetako emaitzak eramango zaitu zure ardurak berrantolatzera? Espero dut ezetz. Ziur nire bizia aldatuko duela, baina ez nuke nahi orain egiten ditudan gauza batzuk galtzea. Historiako ikasketen erritmoa jaitsi egin beharko nuke, baina horren bitartez egindako harremanak galtzea ez litzaidake gustatuko. Goienagusiko kontuekin ere jarraituko dut, seguru. 
 Kreditoa: Amaia Txintxurreta. Goiena web-orrian