2015(e)ko maiatzaren 21(a), osteguna

EAJ-PNVren alkate-hautagaiaren karta



Lagun hori,
Rafa Bengoa naiz, EAJ-PNVk Aramaioko alkatetzarako aurkezten duen hautagaia. Beste asko bezala, Aramaiok bizi duen egoeraz jabetuta, kezkatuta nago. Gure herrian somatzen dugun geldialdia konpontzeko neurriak jarri beharrean gaude, lehenbailehen hobekuntza-jarduerak abian jarrita.Hori dela eta, EAJ-PNVn  egiazko konpromisoa hartu dugu: Aramaiok aurrera egin dezan lan arduratsua egingo dugu. Zelan? Gertutik lan eginaz, modu garden edo trasparentean, eraginkortasunez eta ardura osoz. Alkate-hautagaia naizen aldetik, ardura bat eta bakarra dut: udalaren kudeaketa edo gestinoa bizkortzea. Zertarako? Gauzak aldatzen hasteko eta premiazko hobekuntza-proiektuak kudeatzen hasteko.Utzikeria edo nagikeria albo batera utzi beharrean gaude Aramaion. Gogotsu gaude, berandu baino lehen lanean jartzeko. EAJ-PNVren hautagai-zerrenda edo kandidatura, Aramaio ondo ezagutzen dugun gizon eta emakumeek osatzen dugu. Zerrenda berritua da, esperientziaduna eta gai desberdinen ezagutza duena. Ilusioz beteta eta gogotsu gatoz. Aramaio loalditik ateratzeko ilusioz eta gogoz gatoz. Zintzo eta zuzen kudeatu nahi dugu Udala. Gardentasuna, gertutasuna eta ardura dira gure bide-lagunak. Eta horietan oinarrituko da gure eguneroko lana. Garapen ekonomikoari, euskarari, kulturari eta kirolari lotutako pertsonak gara. Baina, batez ere, pertsonei estu-estu lotutako pertsonak gara. Aramaiok bizi duen egoerari aurre egingo dion alternatiba gara. Aramaion ezer baino lehen aldatu behar da politika egiteko modua, herria egiteko modua. Horixe gura dugu eta horretara gatoz. Ziur naiz, guztiok elkar hartuta, gure herriak, Aramaiok, bere lekua izango duela Euskadiko udalerrien artean. Aramaio maite baduzu eta gurekin bat baldin bazatoz, ez izan zalantzarik. Eman botua EAJ-PNVren zerrendari. Aramaioren etorkizuna zure esku dago. Besarkada bat,
Rafael M. Bengoa 
EAJ-PNVren alkate-hautagaia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina