2015(e)ko uztailaren 13(a), astelehena

EAJren kezkak eta galderak

EAJk Aramaion duen udal taldeak hainbat galdera egin dizkio ingurumen zinegotziari, uztailaren 6, 7 eta 8an Aramaio errekan gertatutakoari buruz.
EAJk dituen datuen arabera, uztailaren 6an bitsa edo aparra erabili zuen ume-jarduera bat antolatu zuen Udalak. Garbiketa-lanak egiteko orduan, aparra jaso zuen ura errekara bota zen. Horren ondorioz, hurrengo egunetan hainbat eta hainbat ezkailu eta amuarrain agertu zen hilda Aramaio errekan, Kuku presaren eta Matxinkaleko egurrezko zubiaren arteko erreka tartean.
Gertatutakoa argitze aldera, EAJk azalpena eskatu dio Udalari. EAJk zera jakin nahi du: ea zer egin duen Udalak ingurumenari egindako eraso hori argitzeko asmoz. Era berean, zera galdetu dio Udalari: ea zeintzuk diren hartuko dituen neurriak aurrerantzean tamaina horretako gertakaria izan ez dadin eta, era berean, erantzukizunak norenak diren jakiteko. Jeltzale aramaioarren eskabidea haratago doa. Aramaioko arrantzaleak gertatutakoaren gainean jakitun jartzea eskatu dio Udalari eta, bide batez, zeintzuk izango diren egindako kaltea arintze aldera hartuko diren neurriak.
Aurreko horren haritik, aramaioarren kezkarekin bat egiten du EAJk, izan ere Aramaioko parkeetan eta berdeguneetan egiten diren mantentze-lanak oso eskasak dira. Guztietan tamalgarriena, Zalgoko hilerri edo kanposantuan ikus daiteke. Bertan, moztu gabego belarrak hilarriak estaltzen ditu.

2015(e)ko uztailaren 1(a), asteazkena

Aramaioko Alkateari EAJko Udal Taldearen erantzuna


Berriki, Aramaioko Alkateak GOIENAri esandako hau irakurtzeko aukera izan dugu: “eztabaidatu ostean, erabaki dugu ez garela Udal moduan mezetara joango” . Lierni Altunak esandako hori dela eta,  Aramaioko Udalean dagoen EAJ-PNV taldeak honako hau adierazi nahi die herritarrei: EAJ-PNVk ez du Liernik aipatutako eztabaidan eta erabakia hartzeko orduan parte hartu. Aipatutako erabakia Alkatetzak berak edo EH Bildu taldeak bere kabuz hartutakoa da.  Udalak agertu beharreko izaera laikoaren gainean ados egonik ere, inork ez dio argibiderik eskatu EAJ-PNVri San Martin egunean udal batza modura mezatara joateari buruzko egokitasunaz.

2015(e)ko ekainaren 25(a), osteguna

Aramaioko Udalaren lehen osoko bilkura


Jakinekoa denez, Aramaioko udal batza berria ekainaren 13an osatu zen. Bederatzi zinegotzietatik 6 EH Bildurenak dira; 3, berriz, EAJ-PNVrenak. Udal batza osatu berriak ohiko osoko bilkura edo plenoa egin du berriki, ekainaren 23an hain zuzen. Esandako pleno horretan, Udalari han-hemengo elkarte, erakunde, patronatu eta enparauetan dagozkion ordezkariak izendatu ziren. Kasu bakarrean izan ezik, gainontzeko guztietan, bere gehiengoan oinarrituta, EH Bilduk berarentzat hartu zituen ordezkaritza guztiak. Hori da gero eskuzabaltasuna! EAJ-PNVk hartutako ordezkaritza bakarra, Gorbeialdea izeneko kuadrillan izango da. Kasu honetan, ordezkaritza hori legeak aginduta etorri da, ez EH Bilduren eskuzabaletik.
Honako hauek dira, EH Bilduren botoekin, batzorde buru izango diren EH Bilduko zinegotziak:
. Ogasuna, antolaketa eta funtzionamendua: Lierni Altuna.
. Kultura eta kirolak: María Cristina Etxenausia.
. Euskara eta hezkuntza: Lierni Altuna.
. Gizarte ongizatea: José Ramón Uribe.
. Ingurumena eta mendiak: Jon Ugarte.
. Hirigintza eta auzoak: Martín Arriolabengoa.
. Zerbitzuak: Roberto Lasaga.
Aramaioko Argindarra izeneko enpresaren kasuan ere, EH Bilduk hartu ditu Administrazio kontseiluko  kargu guztiak. EAJ-PNVk, udal batzaren osaketa gogoan izanik, zinegotzi jeltzale batentzat tokia eskatu zuen kontseilu horretan. EH Bilduk zera esan zuen: alderdiaren baitan aztertuko dutela jeltzaleon eskabidea eta aste beteko epean erantzuna emango digutela.

2015(e)ko maiatzaren 21(a), osteguna

EAJ-PNVren alkate-hautagaiaren karta



Lagun hori,
Rafa Bengoa naiz, EAJ-PNVk Aramaioko alkatetzarako aurkezten duen hautagaia. Beste asko bezala, Aramaiok bizi duen egoeraz jabetuta, kezkatuta nago. Gure herrian somatzen dugun geldialdia konpontzeko neurriak jarri beharrean gaude, lehenbailehen hobekuntza-jarduerak abian jarrita.Hori dela eta, EAJ-PNVn  egiazko konpromisoa hartu dugu: Aramaiok aurrera egin dezan lan arduratsua egingo dugu. Zelan? Gertutik lan eginaz, modu garden edo trasparentean, eraginkortasunez eta ardura osoz. Alkate-hautagaia naizen aldetik, ardura bat eta bakarra dut: udalaren kudeaketa edo gestinoa bizkortzea. Zertarako? Gauzak aldatzen hasteko eta premiazko hobekuntza-proiektuak kudeatzen hasteko.Utzikeria edo nagikeria albo batera utzi beharrean gaude Aramaion. Gogotsu gaude, berandu baino lehen lanean jartzeko. EAJ-PNVren hautagai-zerrenda edo kandidatura, Aramaio ondo ezagutzen dugun gizon eta emakumeek osatzen dugu. Zerrenda berritua da, esperientziaduna eta gai desberdinen ezagutza duena. Ilusioz beteta eta gogotsu gatoz. Aramaio loalditik ateratzeko ilusioz eta gogoz gatoz. Zintzo eta zuzen kudeatu nahi dugu Udala. Gardentasuna, gertutasuna eta ardura dira gure bide-lagunak. Eta horietan oinarrituko da gure eguneroko lana. Garapen ekonomikoari, euskarari, kulturari eta kirolari lotutako pertsonak gara. Baina, batez ere, pertsonei estu-estu lotutako pertsonak gara. Aramaiok bizi duen egoerari aurre egingo dion alternatiba gara. Aramaion ezer baino lehen aldatu behar da politika egiteko modua, herria egiteko modua. Horixe gura dugu eta horretara gatoz. Ziur naiz, guztiok elkar hartuta, gure herriak, Aramaiok, bere lekua izango duela Euskadiko udalerrien artean. Aramaio maite baduzu eta gurekin bat baldin bazatoz, ez izan zalantzarik. Eman botua EAJ-PNVren zerrendari. Aramaioren etorkizuna zure esku dago. Besarkada bat,
Rafael M. Bengoa 
EAJ-PNVren alkate-hautagaia

2015(e)ko maiatzaren 20(a), asteazkena

EAJ-PNV-k ERREFERENTZIAZKO UDALERRI BIHURTU NAHI DU ARAMAIO. NOLA? KULTURA, EUSKARA ETA GIZARTE-ESKAINTZAREN ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZAREN ESKUTIK

Euskara, kultura, aisialdia eta kirola: gazteei eta edadekoei zuzendutakoa.
Aramaio herri euskalduna da.  Aramaioar gehienok dakigu euskara. Hori oso inportantea da. Potentzial hori ezin da inondik inora ahaztu eta, are gutxiago, galdu. Hori dela eta, Udalak onartuta daukan erabilera-planaren aldeko dira Aramaioko jeltzaleak. “Gu euskararen erabileraren alde gaude. Horregatik ba, euskararen erabilerari bultzada emango diogu udaleko zerbitzuetan zein kalean herritarren artean”, esan du alkate-hautagai den Rafa Bengoak. Hezkuntza-kontuak ere, oso gogoan dituzte jeltzaleek. “Udalaren esku dagoen guztia egingo dugu Masusta Haurreskolaren eta San Martin Eskolaren alde, baita DBH eta Batxilergoa egitera herritik kanpora doazen neska-mutilen alde”, esan du Bengoak. Eskola-kirola ere oso gogoko eta beharrezko ikusten du EAJ-PNVk. Hori dela eta, behar den bultzalda emango diote. Bengoaren ustez, herrian diren kirol eta kultura elkarteen lana estimagarria da. EAJ-PNV eurekin dago eta behar den laguntasuna emango die. “Kiroldegiaren eta gainerako kirol azpiegituren mantenu-lanak gogo-gogoan izango ditugu gure jardunean” adierazi du hautagaiak. Bestalde zerra azpimarratu du: “Bidegorria egingo dugu, Aramaio Deba Goienarekin lotuko duena. Hartara, errepidetik doazen oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna babestuko dugu”.Aurreko horiek garrantzitsuak badira ere, Bengoak ezinbestekotzat jotzen du koordinazioa: “Eskolaren, kultur etxearen eta kiroldegiaren arteko koordinazioa, planifikazioa eta optimizazioa bultzatuko dugu”.
Gizarte zerbitzuak eta bendintasuna Beharrean edo premian aurkitzen diren pertsona guztien eskueran egongo diren kalitatezko zerbitzuen alde dago alderdi jeltzalea. “Aramaiok Aldundiarekin batera jardun beharra dauka. Horretan ahaleginduko gara”. Irmotasun bera erakutsi du Bengoak berdintasunari dagokionez. “Berdintasuna oso garrantzitsua da guretzat.  Hori dela eta, berdintasuna modu errealean ekarriko duten politikak martxan jarriko ditugu”.

 

2015(e)ko maiatzaren 19(a), asteartea

EAJ-PNV-k ERREFERENTZIAZKO UDALERRI BIHURTU NAHI DU ARAMAIO. NOLA? INGURUMENAREN, ETA ENPLEGUARI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZAREN ESKUTIK


Alkate-hautagai den Rafa Bengoaren apustuen zerrenda aberatsa da. Mendixolan bideratu beharreko ikerketari eman nahi dion bultzadarekin hasten da eta biomasaren erabilerarekin bukatzen da. Tartean hor dago, besteak beste, gauzatuko duen bidegorri berria.
10 urtetik gorako atzerapena daraman Hirigintza Plana martxan jartzeko konpromisoa hartu du EAJ-PNVren izenean Aramaioko alkatetzarako hautagaia den Rafa Bengoak. Helburua honako hau da: herriko auzo guztiei Ibarrak dituen besteko zerbitzuak ematea.
Horretaz gain, ingurumena, kultura, gizarte-zerbitzuak eta enpleguak dira Aramaioko EAJ-PNVren egitasmoen ardatza.
Ingurumena: egintzak eta hezkuntza
Uraren sistema araztailea, Ibarrak dituen beharretara egokitu nahi du EAJ-PNVk eta hondakin-urak Deba Goienako partzuergoan sartu. Horiek dira lehentasunak.
Kontsumitzekoa den urak hartzeko guneak babestuko dira eta, aldi berean, ura aurreztearen garrantzia azpimarratuko da.
Biomasari loturiko proiektuari tokatzen zaion neurria ematearen aldekoa da Rafa Bengoa, biomasa propanoaren  alternatiba izan dadin.
Era berean, zaborren bilketa sistematikoa egitearen aldeko dira jeltzaleak, zaborra sortzen den lekuan bertan. Horretarako, hondakin organikoei zuzendutako bosgarren zabor-ontziaren erabilera bultzatuko da. Era berean, obra- eta inausketa-hondarrak jasotzeko garbiguneen alde egingo da.
Enplegua eta prestakuntza: labore-lurretik teknologia berrietara
EAJ-PNVren ustez, Aramaiok gaztediari zuzenduriko enplegu-aukerak eman ditzake. Nola? Batetik, abeltzaintza- eta nekazaritza-jarduerei laguntza emanez eta, bestetik, Mendixolako berrikuntza-zentzuaren aukerei bultzada emanez.
Teknologia berrien inguruan sustatu beharreko ekintzailetasuna aukera erreala da. Horrek Itelazpirekin izan beharreko elkarlana eskatzen du, zuntz optikoa  eta 4G konexioa jartzeko.

2015(e)ko maiatzaren 18(a), astelehena

Hautagaitzaren Ezaugarriak


EAJ-PNVren hautagaitza osatzen dugun gizon-emakumeok ondo ezagutzen dugu Aramaiok bizi duen errealitatea. Hautagaitza berritua gara, esperientzia duena eta gaiak ezagutzen dituena. Ilusioz eta gogoz lan egingo dugu, Aramaiok egun bizi duen geldialditik ateratzeko. Zintzotasunez, gardentasunez eta erantzukizunez kudeatzen dakigu. Garapen ekonomikoarekin, hezkuntzarekin, euskararekin, kulturarekin, kirolarekin eta batez ere pertsonekin konprometituta dauden pertsonak gara. Irtenbidea gara, Aramaiok aldaketa bat behar du lehenbailehen eta hori da gure konpromisoa. Ziur gaude guztion artean erreferentziazko udalerri bilakatuko dugula Aramaio.